Pi-ren energia kontsumoa

Kontsumo baxuko gailu bezala aurkezten digute ordenagailu txiki hau, baina zer eragin izango du gure poltsikoan gailu hau uneoro piztuta edukitzeak? Ikus dezagun bada.

Dokumentazioaren arabera Raspberry Pi B modeloaren potentzia 3.5 Watt-ekoa da. Kontuan izanda A eta B+ modeloen kontsumoa are txikiagoa dela, hori izango da kalkuluak egiteko erabiliko dugun balioa. Beraz, gailua 24 orduz piztuta badugu, urteko 365 egunetan:

3.5 W x 24 ordu x 365 egun = 30660 Wh = 30.66 kWh

Ordenagailuaren energia kontsumoa 30.66 kWh-koa izango da urte osoko epean. Ikus dezagun orain, zein den honek gure poltsikoan duen eragina.

Elektrizitatearen prezioa aldakorra denez, batez ere azken erreformaren ostean, kalkulua egiteko abuztuaren 20ko PVPC delakoaren (lehengo TUR) batazbesteko prezioa erabiliko dugu. Hau da, 0.126405 €/kWh. Beraz:

 30.66 kWh x 0.126405 €/kWh = 3.8755773 €

Hau da Raspberry Pi ordenagailua piztuta edukitzeak izango duen kostua urtebetean: 3.88 €.  Kontuan izan, gailu hau uneoro piztuta edukitzea 4 € baino merkeagoa izateak ez duela justifikatzen beharrik ez dagoenan martxan izatea. Energian, egin dezakegun edozein aurrezpen da baliozkoa. Dena den, egun, ordenagailu bat baldin  badugu uneoro piztuta zerbitzari bezala, deskargak egiteko… Izugarrizko aurrezpena suposa dezake egiteko horietarako Raspberry Pi gailu bat erabili eta ordenagailua itzaltzeak.