Transplantea sakelakoari

Indian lanean nengoela jarri zen beltz kolorekoa nire sakeleko telefonoaren pantailaren zati handi bat. Bertan telefono berri bat eskuratu nuen, baina ordezko pantaila bat ere eskatu nuen, hondatutakoari neronek aldatzeko asmoz.

Aurreko baten baino gehiago kostatu zait oraingoan, baina mugikorra erabilgarri uztea lortu dut. Jarraian ikus dezakezue kirurgiaren laburpentxoa.
 

 

Mugikorrari kirurgia praktikatzen

Parranda gauaren ostan ez zen gozoa izan Maritxu Kajoi eguneko biharamuna, baina badago, ordea, patu okerragoa pairatu zuenik. Zapatu arratsaldean begiak ireki ezinik zebilena ez nintzen ni, nire telefono mugikorra baizik. Honakoa zen erakusten zuen itxura:

Garai bateko Canal+ kodifikatua etorri zitzaidan burura

Zaila zen pantailan ikusten zena antzematea, baina han eta hemen ukituz, konturatu nintzen funtzionatu, funtzionatzen zuela. Deiak jasozein egin nitzakeen, non zapaldu asmatuz gero. Whatsapp-ak ere jaso, jasotzen nituen, nahiz eta irakurri ezin. Horrela ba, ez zen zaila izan ondorioztatzea gaizki zegoena pantaila bera zela. Gainera, beste froga bat re egin nuen: telefonoa ordenagailura konektatu eta pantailakoa bertan proiektatu. Eta bai, ongi ikusten zen eta ongi funtzionatzen zuen.

Soluzioa zein izango zen argi zegoen beraz: pantaila berri bat erosi eta aldaketa egin. Jende gutxi ausartuko litzateke mugikorra desmuntatzera pantaila aldatzeko. Baina hurrengo pausuetan ikusiko duzuen moduan, ez du aparteko zailtasunik eta pena merezi du:

Continue reading

Bot txiolari bat sortzen Python-en laguntzaz

benderBadira Twitterren profil asko eta asko atzetik benetako pertsona bat gabe, bot deritzon bat dutenak. Hau da, automatikoki txikokatzen duen, edo txioei erantzuten dien programa bat. Hainbat erabilera izan ditzake honek, esaterako, jarraitzaile berriei automatikoki eskerrak eman, aldiro mezu publizitarioak txiokatu, besterik gabe helburu jakin gabeko profil kuriosoak sortu (adib1, adib2)… Post honetan horrelako bot bat modu errazean nola sortu ikusiko dugu, Python programazio lengoaia erabiliz. Adibide gisa, Ordularia izeneko profila sortuko dugu, minuturo ordua txiokatuko duena.

Lehenik eta behin Twitterreko profila sortu beharko dugu (aurreko post baten ikusi genuen nola sortu kontu berriak posta helbide berarekin). Behin hau eginda http://dev.twitter.com webgunean sartu beharko dugu, sortu berri dugun profila erabiliz, aplikazio bat erregistratzeko. Barruan gaudenean, goiko eskuinaldeko menutik My Applications izeneko atalera joko dugu:

My applications atalera jo.

My applications atalera jo.

Eta jarraian aplikazio berri bat sortuko dugu Create New App botoian klikatuz:

Aplikazio berria sortu.

Aplikazio berria sortu.

Eskatzen dizkigun datuak bete ondoren aplikazioa sortuta izango dugu. Hala ere, programatzen hasi aurretik, ezarpenak aldatu eta hainbat datu gorde beharko ditugu. Ikus dezakegu gure aplikazioak Read only motako baimena duela. Txiokatu ahal izateko Permissions atalera jo, eta Read and Write baimenera aldaketa egin beharko dugu:

Baimentak aldatu.

Aplikazioaren baimenak aldatu.

Pausu hau burutu ondoren, API Keys atalera joko dugu, eta bertan aurkituko dugun Create my access token botoian klik egin. Behin tokenak sortu ditugunean, goian eskuinaldean dugun Test OAuth botoian klik egingo dugu, eta azaltzen zaigun orrialdea eskura utziko dugu programatzen hasten garenerako, OAuth Settings atalean azaltzen zaizkigun kodeak behar izango baititugu.

Aplikazioaren tokenak.

Bot-ean erabili beharko ditugun tokenak eskuratu.

Has gaitezke, bada, programa idazten. Twitterrek REST bidez atzi daitekeen APIa eskaintzen du, besterik gabe erabil dezakeguna. Komunikazioa sinplea izan arren, OAuth bidezko autentifikazio kontuak nahiko nahasgarriak izan daitezke. Horregatik, lanak errazteko iadanik idatziriko Python liburutegi bat erabiliko dugu, Tweepy izenekoa. Liburutegi honi esker, lerro gutxiko programa sinple hau izango da gure bot txiolaria:

Programa honetako 3-6 lerroetan dauden aldagaien balioak gure tokenengatik ordezkatu beharko ditugu (ikusi aurreko irudia). Programa honek funtzio bakar bat du, 60 segunduro exekutatuko dena eta txiokatu_ordua izenekoa. Funtzio honek Tweepy liburutegia erabiliz, gure kontuan autentifikatu, eta uneko ordua txiokatzen du.

Kodea Ordularia.py izeneko fitxategi baten gordetzen badugu, gure programa exekutatzeko nahikoa izango dugu ondorengo komandoa exekutatzea kontsolan:

python Ordularia.py

Programa martxan dagoen artean, minuturo ordua txiokatuko du.

*Oharra: Hau adibide bat baino ez da. Kontuan izan behar da zehaztasuna ez dela erabatekoa, eta gainera funtzioak berak exekutatzeko behar duen denboragatik, bi txioren artean beti pasako dela 60 segundo baino denbora zertxobait gehiago.

Nola sortu Twitterreko hainbat kontu posta helbide berarekin

Baliteke arrazoi bat edo besterengatik Twitterreko hainbat kontu maneiatu nahi izatea. Kontu bat sortzerako orduan, Twitterrek posta elektronikoko helbide bat eskatuko digu, eta iadanik erregistraturik dagoen posta kontu bat erabiltzen saiatzen bagara, ez digu utziko aurrera jarraitzen:

account_twitter1Badago modu erraz eta sinple bat, ordea, hau ekiditeko. Nahikoa izango dugu gure posta helbideko izenaren aldeari, hau da, ‘@’ karakterearen aurretik doan zatiari ‘+’ ikurra eta beste zerbait gehitzea, irudian ikus daitekeen adibidean bezala:

account_twitter2

Modu honetara, aurrera jarrai dezakegu, Twitterren ikuspuntutik helbide ezberdin bat baita. Guk, ordea, mezuak postontzi berdinean jasotzen jarraituko dugu, benetan ‘+’ ikurraren aurretik dagoen zatia hartuko baita kontuan.

Truko hau Twitterreko kontuak sortzeko ez ezik, beste hainbat gauzatarako ere erabilgarria izan daiteke, nahiz eta gure postontzi arruntean mezuak jaso, ikus baigenezako bidaltzaileak zein helbide erabiliz bidali duen.

Esaterako, webgune baten erregistratzen garenean ‘+webgunearen_izena‘ gehitu dezakegu, eta horrela webgune horretatik jasotzen ditugun mezuak errazago filtratu. Edo helbide horretara spam-a jasotzen hasiko bagina, jakin ahal izango genuke zein izan den gure helbidea filtratu duen webgunea.

Pi-ren energia kontsumoa

Kontsumo baxuko gailu bezala aurkezten digute ordenagailu txiki hau, baina zer eragin izango du gure poltsikoan gailu hau uneoro piztuta edukitzeak? Ikus dezagun bada.

Dokumentazioaren arabera Raspberry Pi B modeloaren potentzia 3.5 Watt-ekoa da. Kontuan izanda A eta B+ modeloen kontsumoa are txikiagoa dela, hori izango da kalkuluak egiteko erabiliko dugun balioa. Beraz, gailua 24 orduz piztuta badugu, urteko 365 egunetan:

3.5 W x 24 ordu x 365 egun = 30660 Wh = 30.66 kWh

Ordenagailuaren energia kontsumoa 30.66 kWh-koa izango da urte osoko epean. Ikus dezagun orain, zein den honek gure poltsikoan duen eragina.

Elektrizitatearen prezioa aldakorra denez, batez ere azken erreformaren ostean, kalkulua egiteko abuztuaren 20ko PVPC delakoaren (lehengo TUR) batazbesteko prezioa erabiliko dugu. Hau da, 0.126405 €/kWh. Beraz:

 30.66 kWh x 0.126405 €/kWh = 3.8755773 €

Hau da Raspberry Pi ordenagailua piztuta edukitzeak izango duen kostua urtebetean: 3.88 €.  Kontuan izan, gailu hau uneoro piztuta edukitzea 4 € baino merkeagoa izateak ez duela justifikatzen beharrik ez dagoenan martxan izatea. Energian, egin dezakegun edozein aurrezpen da baliozkoa. Dena den, egun, ordenagailu bat baldin  badugu uneoro piztuta zerbitzari bezala, deskargak egiteko… Izugarrizko aurrezpena suposa dezake egiteko horietarako Raspberry Pi gailu bat erabili eta ordenagailua itzaltzeak.

BitTorrent bezeroa WD MyCloud hodei pertsonalean

Badira hilabete batzuk 3TB-ko biltegiratze gaitasuna duen WD MyCloud sareko disko-gogor edo NAS baten jabe naizela. Gailu hau erabiltzen dut, besteak beste, ordenagailuetako segurtasun kopiak gordetzeko, multimedia fitxategiak biltegiratzeko, fitxategiak etxeko saretik kanpo dauden gailuetatik atzitzeko (mugikorra, laneko ordenagailua…), eta DLNA zerbitzari funtzioa betetzen duenez gero, baita bertan biltegiratutako multimedia telebistan ikusteko ere. Erabiltzeko eta konfiguratzeko gailu erraza da, eta aukera interesgarriak eskaintzen ditu. Baita berekin lan egitea errazten duen softwarea ere.

Sareko disko-gogorrak router-era konektatzen dira. Sarera konektatuta eta denbora guztian piztuta mantentzen den biltegiratze gailu bat izanik, eskaintzen duen aukera interesgarri bat BitTorrent bezero bat instalatzearena da. Honela, fitxategiak elkarbanatu ditzakegu ordenagailurik erabiltzen ari ez bagara ere.

Beste antzeko gailu batzuk ez bezala, WD MyCloud honek ez dakar BitTorrent bezerorik instalaturik, ezta modu intuitiboan bat instalatzeko aukerarik ere. Hala ere, ez digu aparteko buruhausterik eragingo Transmission izeneko bezeroa instalatzeak. Izan ere, gailu honek Debian GNU/Linux sistema eragilea erabiltzen du, eta ez da sistema eragile honetarako pakete arrunt bat instalatzea baino zailagoa izango gure bezeroa instalatzea. Bezero hau, gainera, edozein ordenagailutik kudeatu ahal izango dugu web interfaze sinple baten bidez.

Instalazio prozesua automatizatzeko ondorengo script-a erabil dezakegu. Honela, inolako lanik gabe, Tranmission bezeroa instalatuta eta konfiguratuta izango dugu modu errazean eta denbora gutxian. Script-ean bertan nahiko garbi azaltzen dira burutzen dituen pausuak:

Goiko kodea testu fitxategi batean kopiatu eta gordeko dugu, esaterako, transmission_install.sh izenarekin. Fitxategi hau gure WD MyCloud unitateko partizio batera eraman beharko dugu, Public izenekora adibidez.

Hurrengo eginbeharra SSH bidez gure gailura konektatzea izango da, fitxategia exekutatu ahal izateko. Aurreko post batean aipatzen nuen PuTTY izeneko erreminta erabiltzen dudala horretarako. Beraz, wdmycloud gailura konektatu eta kredentzialak sartuko ditugu, root erabiltzailearendako eta welc0me pasahitzarentzat (kontuan izan pasahitz hau defektuzkoa dela, gailu guztientzat, eta aldatzea komeni dela). Behin saioa hasita, fitxategia gorde dugun lekuraino joango gara. Public partizioan utzi badugu:

> cd /DataVolume/shares/Public

Bertan gaudenean, fitxtegiari exekuzio baimena eman beharko digou oraindik ez badu, eta ondoren exekutatu. Horretarako:

> chmod -x transmission_install.sh
> transmission_install.sh

Gure script-a exekutatuko da, eta denbora baten ostean, exekuzioa bukatzean, Transmission bezeroa erabiltzeko prest izango dugu. Horretarako, nahikoa izango dugu web nabigatzaileko helbidean wdmycloud:9091 helbidea sartzea. Hona emaitza:

Transmission bezeroa Chrome nabigatzailean

Transmission bezeroa Chrome nabigatzailean

*Oharra: WD MyCloud gailuaren firmwarea eguneratzen badugu, Tranmission bezeroaren instalazioa ezabatuko digu. Beraz, post honetako azkeneko pausua errepikatu beharko dugu, berriz instalatzeko. Hau da, script-a exekutatu beharko dugu berriro.

C# eta Raspberry Pi

Eguneroko lanean erabiltzen dudana izanik, C# lengoairaken sentitzen naiz erosoen programatzerako orduan. Ez dut esango beste lengoaia batzuk baino hobea denik, ezta okerragoa denik ere, baina egunero erabiltzen dut, eta atsegin dut.

Pentsa genezakeen Microsoftek garatutako lengoia hau .NET Framework delakoaren gainean exekutatzen denez gero, ez litzatekeela posible lengoia honetan idatzitako programa bat Linux sistema eragilea erabiltzen duen Raspberry Pi-an exekutatzea. Hau posible da, ordea, Mono proiektuari esker. .NET plataformaren plataforma-anitzeko inplementazio honi esker, C# lengoaian idatzitako programak exekuta genitzake sistema eragile ezberdinetan.

Egin beharreko gauza bakarra Mono instalatzea izango da, eta horretarako, nahikoa izango da hurrengo komandoak exekutatzea:

> sudo apt-get update

> sudo apt-get install mono-complete

Behin instalatuta, programa bat idatzi, konpilatu eta exekutatzea besterik ez zaigu geratzen. Adibide bezala, blog honen lehen post-ean idatztitako Kaixo, mundua programa erabiliko dugu. Edozein testu-editorek balioko digu programa idazteko, beraz, gustukoena zabaldu, eta adibidez honako kodea idatz dezakegu:

Fitxategia gorde ondoren (KaixoMundua.cs izenarekin, adibidez), konpilatu eta exekutatu besterik ez dugu egin behar. Honako komandoak erabiliko ditugu horretarako:

> gmcs KaixoMundua.cs

> mono KaixoMundua.exe

Aipaturiko programa exekutatzeak, “Kaixo, mundua!” testua bistaratuko du komando-lerroan:

pi-mono

Raspberry Pi-ra Urruneko Mahaigainaz konektatzen

Microsoft Surfacetik Raspberry Pi-a kontrolatzen

Jakina da Raspberry Pi gailu bat erostean, eskuratzen dena ordenagailua bera bakarrik dela, inongo periferikorik gabe. Ez dakar ez paintaila, teklatu, arratoi eta besterik, ezta  elikadurako kablerik ere!

Pentsa genezake gailuarekin lanean hasi aurretik, aipatutako periferikoak eskuratu beharko genituzkeela… baina lasai, bi gauza baino ez dira gutxienekoak gure jostailu berriarekin lan egiteko: Micro-USB motako kable bat elikadurarako, eta Ethernet kable bat gailua sarera konektatzeko.

Lanean hasteko modurik sinpleena eta erosoena urruneko mahaigaina erabiltzea da. Modu horretara, Rarspberry Pi-n exekutatzen den Raspbian sistema eragilearen interfaze grafikoa ere eskuragarri izango baitugu. Horretarako baina, pausu pare bat bete beharko ditugu.

Lehenik eta behin, xrdp izeneko pakete bat instalatu beharko dugu Raspberry Pi-an. Hau egiteko, SSH bidez konektatu gaitezke gailura horretarako bezero bat erabiliz. Nik PuTTY izeneko bezeroa erabiltzen dut Windows sistema eragiletik konektatzeko. Raspberry Pi-ren IP helbidea sartu beharko dugu, eta erabiltzaile eta pasahitza eskatuko dizkigu (pi/raspberry). Behin konektatua, honako komando hauek exekutatuko ditugu paketea instalatzeko:

> sudo apt-get update
> sudo apt-get install -y xrdp

Honekin, aipatutako paketea insalatzeaz gain, urruneko mahaigainaren zerbitzua martxan jarriko da, eta beraz, posible izango da beste makina batetik urruneko mahaigainaren bidez konektatzea. Horretarako, urruneko mahaigainaren aplikazioa ireki eta konektatu besterik ez dugu egin behar, Raspberry Pi-ren IP helbidea sartuz:

Urruneko mahaigaina

Urruneko mahaigaina

Behin hau eginda Raspberry Pi-ren interfazea kargatuko zaigu pantailan, eta berau kontrolatzeko gai izango gara gure ordenagailuko teklatu eta arratoiarekin. Modu erraz batean gai gara gure ordenagailuarekin lan egiteko, beretzat propio diren pantaila eta teklatu bat izan gabe.

Raspberry Pi-ren Boxing-a

Badaude geek eta gune asko jostailu eta gadget berriak eskuratzean, hauen unboxing delakoa argitaratzen dutenak. Hau da, funtsean, produktuaren desenpaketatzea edo kutxatik ateratzea, paketean datorren eduki guztia erakutsiz eta abar.

Duela egun batzuk eskatu nuen Raspeberry Pi gailu bat. 30 euro inguruko prezioan ikusita, ezin izan nion tentazioari eutsi. Azkenean, herenegun iritsi zitzaidan, eta kasu honetan desenpaketatzeko gutxi zegoen, kartoizko kutxa txiki baten baitzetorren ordenagailu txikia.

Raspberry Pi gailuarekin batera, ordea, berau babesteko plastikozko kutxatxo bat ere eskatu nuen, garraio konpainiarekin tirabira batzuk izan ostean, gaur jaso dudana. Esku batean gailua izanda, ta bestean kutxa babeslea, kasu honetan unboxing-a beharrean hor doakizue boxing-a:

WP_20140514_17_56_18_Pro

Raspberry Pi

Plastikozko babeslea

Plastikozko babeslea

Raspberry Pi eta plastikozko babeslea

Raspberry Pi eta plastikozko babeslea

WP_20140514_17_58_09_Pro

Oinarrian sartuta

Gaineko zatiarekin estalita

Gaineko zatiarekin estalita

Beste ikuspuntu bat

Beste ikuspuntu bat

Datozen egunetan hasiko naiz jostailu berri honekin trasteatzen, ea zein erabilera eman diezaiokedan. Beraz, laster gehiago, bitartean, ondo izan.