in Puntua

Jakiteak ez du ogirik jaten

Jarraian, Puntuaren 122. alean argitaraturiko artikulua artikulua aurki dezakezue. PDF formatuan ere ikus daiteke hemen.

 

Bada gaztelaniazko esaera bat dioena jakintzak ez duela lekurik hartzen. Internet dugu, egun, jakintza iturri nagusienetakoa, eta esaerak literalki dioenaren aurka, bertako edukiak hainbat datu-zentro eta disko gogor okupatzen dituen arren, esanahi figuratiboak diosku jakintzaren iturrietatik edateak ez digula kalterik eragiten.

Gure ezagutza zabaldu eta jakin-minak asetzeko asmoz sarera joz gero, hainbat dira aurki ditzakegun aukerak: hasi Wikipediatik eta gai zehatzen inguruko komunitateetaraino, tartean unibertsitate zein eskolek eskaini ditzaketen master, ikastaro eta antzekoetatik pasatuz.

Unibertsitate ikasketak ardatz hartuta, duela urte batzuk hasi ziren azaltzen MOOC –Massive Online Open Course, euskaraz Online Ikastaro Ireki Masiboa– direlako kurtsoak. Hauek edozeini zabalik dauden unibertsitateko irakasgaiak izan ohi dira, normalean doakoak, eta guztiz on line eskaintzen direnak. Gaiak bideo bidez eskaintzen dira gehienetan eta unibertsitateko bertako ikasketa-programan eskaintzen diren irakasgaietan izaten dute oinarria, sarritan ikasgelako klaseetako bideoak izaten direlarik sarean ikusgai eskaintzen direnak.

Irakasgaiek aste gutxi batzuetako iraupena izan ohi dute, eta gainditu ahal izateko, modulu bakoitzari lotutako ariketa zein azterketak egin behar izaten dira. Badira, behin ikastaroa amaituta, edukia sarean kontsultarako uzten dutenak ere.

Coursera eta edX dira MOOC delako hauek eskaintzen dituzten plataforma handienak. AEBetako unibertsitate garrantzitsuenetako irakasgaiak eskaintzen hasi ziren duela urte batzuk, eta gaur egun, herrialde ezberdinetako ehunka unibertsitatek prestatutako edukia eskaintzen dute, hizkuntza ezberdinetan eta alor ugaritan.

Sarean ohikoa den bezala, aukerarik zabalena ingelesez aurkituko dugu. Baina hurbilago etorrita, aukera murritzagoa izanagatik, UEU eta Asmoz fundazioak zein Mondragon Unibertsitateak eskaini izan dituzte mota honetako ikastaroak euskaraz.

Ikastaro hauek burutzeak ez gaitu inongo titulu akademikoren jabe egingo, ziurtagiri xume bat jasoko dugu, gehienez jota. Baina kuriositatea sorrarazten diguten gai horietan sakontzeko aukera ematen digute, eta hasierako esaeraren euskarazko aldaerak dioen bezala, “jakiteak ez du ogirik jaten”.

*Oharra: Puntuan argitaraturiko artikuluan Eusko Ikaskuntza aipatzen da, benetan UEU  izan beharko zukeen lekuan. Barkatu gaizki esanak.

Share on Facebook2Share on Google+0Share on LinkedIn0Tweet about this on TwitterEmail this to someone